Portuetan euskara bizirik zegoen. Hori nabarmendu zuen Koldo Izagirre idazle pasaitarrak herenegun, Pasaiako Udal Euskaltegiak antolatutako Kultur Astearen harira egindako hitzaldian. Portuaren eta euskararen arteko loturan gaitzat hartuta, ibilbide historikoa egin zuen Izagirrek, Pasaiakoari erreferentzia eginez.
Denboran atzera, portuetan zamaketariak, batelariak, amarratzaileak, marinelak eta beste hamaika lanbideetako jendea zegoen. Laneko hizkera zuten, hizkera profesionala; euskaraz, jakina: «Pasaiako portuak hizkera oso aberatsa zuen, baina pixkanaka galtzen joan da, orain ez dago hizkera aberatsik. Zergatik? Lanbideak desagertu direlako».
Gune poliglotak
Portuetara munduko txoko guztietako pertsonak joaten dira, bakoitza bere hizkuntzarekin. Horregatik esaten da portuak poliglotak direla, hizkuntza asko topatzen diren guneak izaten baitira. Pasaiakoa ere horrelakoa da, eta lehen are gehiago: «'Eunon'; eta erantzuna, 'eutampoco'. Horrelako hitz jolasak sortzen ziren».
Ingelesa ere asko entzuten zen Pasaiako portuan, eta horren haritik anekdota polita izan zuen hizpide Izagirrek: «Orain mundu guztiak ok esaten du, oso hedatua dago. Lehen, ordea, Pasaiako portuan denek all right esaten zuten. Bozgoragailutik galdera egiten zuten eta denek horixe erantzuten zuten, dena ondo zegoela adieraziz».
Hari berari tiratuz, beste anekdota bat ere kontatu zuen: «Amarradoreek istorio asko zituzten, denbora libre asko zutelako, batik bat. Horietako bat hauxe da: lehen ontzitik kable bat botatzen zen eskuz lurrera, eta kable horrek pilota bat izan ohi zuen. Amarratzaileak pilota bat hartu behar zuen hanken artean. Amarratzaileak lehorretik honela esaten zion ontzian zegoenari: 'ota estatxa!', eta horrek ez zion ulertzen. Behin eta berriz errepikatu zion, eta ezer ez. Halako batean, horrela esan zion: 'English spoken?', eta besteak pozik baietz erantzun. Orduan, horrela galdetu zion amarradoreak: 'Orduan bota estatxa!'. Euskara ingelesa bezain internazionala iruditzen zitzaion amarradore hari».
Borrokarako lekua
Portuak, eta beraz, Pasaiako portua ere, borrokarako lekuak ziren, borroka linguistikorako, alegia. Hizkuntzen arteko dominazio harremana zegoen, Pasaiakoan euskararen eta gaztelaniaren artekoa. «Bira hitza, esaterako, portuko hizkera da, langileen termino bat, herria hitza den bezalaxe».
Gaztelania pixkanaka-pixkanaka Pasaiako portuan lekua hartzen joan zen. Noiz, baina? : «Ziurrenik makinariari bira esan beharrean gora eta horrelakoak esaten hasi zirenean». Portuko euskara adituentzako ez dela interesgarria izan iritzi dio Izagirrek: «Adituak ez dira hortaz arduratu, pobreen hizkera kontsideratu izan dute». Ignacio Garmendiak Irudidun Itxas-Iztegia egin zuela aipatu zuen, «bere aurretik egin ziren hiztegiak bezalakoa zen, ez zuen inguruan zuen hiztegia bildu».
Barrutiei buruz ere hitz egin zuen, Antxori buruz: «Bertan toki askotako jendea biltzen zen eta portuko premiek sortu zuten». Aurten, gainera, 120 urte beteko ditu Antxok.
Iturria: Oarsoaldeko Hitza