Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Kategoria: Denetarik

Txortenaren dotorezia

larrauri 19/03/2010 @ 11:19

Txapelaren erabilera sustatzeko, Txabai ekimena sortu dute zazpi gasteiztarrek; haien webgunearen bitartez, dagoeneko, 300 pertsonaren babesa jaso du proiektuak.

Kalean euskal txapel gutxi ikusten dela eta, kezkatuta, erabilera sustatzeko ekimena antolatu dute zazpi gasteiztarrek. Txabai egitasmoaren bitartez, txapela lau haizeetara zabaltzeko asmoa dute, nagusi zein gazteek jantz dezaten. Horretarako, ekimenaren izena daraman logotipoa diseinatu dute, eta emakume eta gizonentzako txapelak merkaturatu dituzte, askotariko kolore eta formakoak.

Urteak daramatzate zazpi gasteiztarrek txapelarekin hara eta hona. Euren inguruan gero eta txapel gutxiago zeudela konturatu, eta «beharrezko bultzada» ematea beharrezkoa zela pentsatu zuten. Hala sortu zuten taldea, iazko urtarrilean. Buruari eragin eta poliki-poliki hainbat ekimen jarri dituzte martxan, etorkizunean elkartea sortzeko bidean. Lagunetako batek, Jose Julio Arregi diseinatzaileak, sortu zuen logotipoa, eta Elosegi txapelgile ezagunekin harremanetan jarri ziren.

Artikulu osoa: Berria, 2010-03-17

Azken marinelak

larrauri 19/03/2010 @ 11:13

Gero eta arrantzontzi gutxiago dago Donostiako portuan; hiriburuan galbidean dagoen ogibidea dela diote marinelek.

Kai-muturraren alde batera, 400 ontzi. Porlanaren beste aldera, lekua soberan uretan ontzi gehiagorentzat. Aisialdiaren eta lanaren arteko desberdintasuna agerian. Donostiako kaiak marrazki adierazgarria erakusten du: kirol-portua lepo beterik dago; belaontzi txikien mastek zeru aldera egiten dute, euren nagusitasuna garbi utzi nahian. Haien ondoan, txipiroiontzi motako txalupa arin ugarik osatzen dute marrazkia. Zingira hartan ez da ontzi bat gehiago sartzen. Hala ere, euren aisialdi-itsasontzia amarratzeko, ehunka lagunek izena emana dute aspaldian, leku bat libre noiz geratuko den zain-zain.

Jardueraz beteriko marrazki horren ifrentzua da arrantzontzien aldea. Gure Aita Joxe-ren kolore berdeak ematen du atentzioa. Ontzi handi bakarra da han, udan egun askoan hegaluzeetara joateko gai den bakarra. Kizkitza beltza ere karnata biziarekin dabil, hesia botatzen. Beste guztiak txikixeagoak dira, pertsona bakarrak gobernatzeko modukoak. Itsas bazterreko arrantzarako dira denak, kaitik sartu-irten azkarrak egiteko. Hala ibiltzen dira, Guk, Zeruko lainoa II, Txintxo bat eta beste hainbat. Guztira, hamahiru; kaiko azkenak.

Artikulu osoa: Berria, 2010-03-17

Mapa bera altxor bihurtuta

larrauri 19/03/2010 @ 11:02

Euskal Herria Museoak ikusgai dituen mapa eta plano historikoak bildu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak liburu batean. Euskal Herria alderik alde irudikatzen dute.

Gure historia erakargarri egiten du, gaurko eguna aztertzen du, eta etorkizunera begira jartzen gaitu». Josu Ariztondo Bizkaiko kultura- diputatuaren hitzak dira, kartografiaren garrantzia eta erakargarritasuna azpimarratzeko ahaleginean. Foru Artxiboak bilduta zituen mapa, plano eta itsas kartak Gernika-Lumoko Euskal Herria museoan daude ikusgai. Orain aukeraketa egin, eta Euskal Herria museoa, kartografia bilduma izeneko liburu-formatuan argitaratu dituzte.

Artikulu osoa: Berria, 2010-03-17

Egunerokoari ihes

larrauri 17/03/2010 @ 13:06

Nabari da bezeroen joan-etorria bidaia agentzietan. Laster da urteko lehendabiziko oporraldia, eta hasi dituzte herritarrek prestaketa lanak. Iazko datu kaskarren aldean, aurten mugimendu handiagoa antzeman dute agentzietako langileek. Egun batzuetan kezkak alde batera uzteko beharraz, lekua aukeratu eta dena prestatzeko garaia heldu da. Eskaintzarik ez da falta.

Azken unean agertu ohi da jende kopuru gehien Aste Santuko eta pazko asteko oporraldia aukeratzera, egingo duen eguraldiaren iragarpenaren zain daude asko, Gasteizko Oda bidaia agentziako arduradunak aipatu bezala: «Egia da aurretik hartuta zertxobait merkeagoak direla bidaiak, baina opor hauetan beti uzten dugu azken momenturako». Elurte eta hotzaldien ondoren, eguzki gosez dabiltza herritar gehienak, eta Kanaria uharteek (Espainia) ez dute hutsik egiten. Lanzaroterako eta Teneriferako hainbat hegazkin beteta daude dagoeneko. «Bidaien artean izarra da, zalantzarik gabe. Familientzako hotel bikainak ditu, eta aisiarako aukera ugari», nabarmendu du Ekuador agentziako arduradunak.

Egiptorako eta Turkiarako bidaiek ere arrakasta handia izan ohi dute opor hauetan. Eskaintza handia dago, eta ez oso garestia. «Abuztuan Egipto bisitatzea ia ezinezkoa da, beroagatik, eta udaberria aukeratzen dute gehienek. Eguraldi ona eta ikusteko gauza asko dago», diote Oda agentziatik. Londres, New York eta halako hiriak ere pertsona ugarik aukeratu dituzte egun horietarako. «Dolarra baxuago dagoenetik, jende askok du joateko tentaldia. Bikoteak izan ohi dira, batik bat. Ez horrenbeste haurrak, batetik bestera ibili behar delako halako bidaietan». Batzuek Aste Santurako aukeratu dute, eta San Prudentzio jaietarako, Araban, beste askok. «Gehienek apirileko azken aste horretarako uzten dute oporraldia, prezioak hobeak direlako. Mediterraneoa aukeratzen dute orduan gehienek».

Poltsiko guztietarako moduko bidaiak aurki daitezke, kostu txikiko konpainiak eta baita itsas bidaiak ere, Iratxe agentzian nabarmendu dutenez. «Garai batean elitistagoak ziren bidaia hauek, baina egun prezio guztiak aurki daitezke, ontziko gelaren arabera». 600 eurotik hasi eta 2.000 euro arte ontzi eskaintza zabala dute agentziek.

Artikulu osoa: Berria, 2010-03-14

Agotak, zinemara

larrauri 12/03/2010 @ 10:27

Finantzaketa osoa bermaturik izan gabe ere, 'Baztan' filmatzen hasi da Iñaki Elizalde. Agoten bazterketa eta zinemagintza ditu ardatz zuzendari iruindarraren lan berriak.

Lekarozen dago egunotan Arizkungo eliza erromanikoa. Lekarozko eskola zaharreko XIX. mendeko elizaren barruan, hain zuzen ere. Bata bestearen barruan, errusiar panpinen antzera. Baztan filmeko langileek sartu dute hor. Halakoa da zinema. Eta sinesgarria litzateke guztiz aldaketa -bere leiho txikiekin, bere horma irudiarekin eta bere agotentzako ate berezi eta bereiziarekin-, baldin eta ondoan kamerak, fokuak eta bestelako gailuak ez baleude. Kamerak hartzen duen laukian, baina, 1621. urtea da, eta Ursuako Pedroren (Kandido Uranga) odol garbitasuna frogatzera etorri da Gaztelatik Felipe Albornoz jauna (Carmelo Gomez), Pedrok Santiagoko Ordenean sartzeko eskaria egin duelako. «Moztu!», dio orduan Iñaki Elizalde zuzendariak, eta, kolpetik, pertsonaiak aktore dira berriz, Arizkun Lekaroz, eta, laurehun urte pasatu dira, Pedroren garaitik. 2010eko martxoa da, Baztan filmaren grabaketa saioa.

Artikulu osoa: Berria, 2010-03-12

Suzedidos baskos

larrauri 04/03/2010 @ 11:34

EHUk hilero Campusa aldizkaria argitara ematen du. Eta hilero Kike Amonarrizek artikulua idazten du bertan. 2009ko urrikoan honako artikulu hau eman zuen argitara: Suzedidos Baskos.

Suzedidos Baskos

Euskal Herrian oso errealitate soziolinguistiko desberdinak bizi ditugu. Historian aspaldikoa den aniztasun hori, gainera, areagotu egin da azken urteotan. Pentsa dezagun une batez, zein modu diferentetan bizi diren euskaraz Balmaseda, Lekeitio, Gasteiz, Tolosa, Arantza, Baiona edo Altzürüküko euskaldunak edo nola bizi duten euskara bertako erdaldunek.

Egoera desberdin horiek, hizkuntzen inguruko oso bizipen desberdinak eragiten dituzte herritarrengan. Oso ikuspegi desberdinak dituzte euskaldun zaharrek edo berriek; oso inguru euskaldunetan bizi direnek edo euskara apenas hitz egiten den hiri eta zonaldeetan bizi direnek. Horien erakusgarri XXI. mendeko suzedido hauek.

Artikulu osoa: sustatu.com

Euskarak 30 urte EHUn

larrauri 04/03/2010 @ 11:28

Ostiral honetan, martxoak 5, euskarazko lehen ikasketen ezarpenaren 30. urteurrena ospatuko du Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Leioa eta Erandioko campusean. EHUk ere 30 urte betetzen ditu aurten. "Euskarazko irakaskuntzak 30 urte UPV/EHUn" izeneko ekitaldi horretan unibertsitatean "euskararen ezarpena bultzatu zuten" pertsonen ordezkaritza zabalari omenaldia egingo zaio, EHUko iturriek adierazi dutenez. Hitzordua 12:00etan jarri dute, campuseko areto nagusian. Lehenago, 10.30ean, 1979-80 ikasturtetik 1984-85 ikasturtera euskarazko ikasketak hasi zituzten Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasle eta irakasleak EHUko Arboretumean bilduko dira eta omenezko zuhaitz batzuk landatuko dituzte.

Artikulu osoa: ukberri.net

Ez ginen gu izan

larrauri 03/03/2010 @ 09:20

Kanadako baleen uste ustela: ikerketa biologiko batek gezurtatu egin du Kanadako baleak arrantzale euskaldunen erruz galdu zirela.

Baleak Kanadako kostaldeko ur azalean agertzen diren eran, baleen inguruko ikerketa garrantzitsu baten emaitzek argia ikusi dute berriki. Arrantzale euskaldunei egotzi izan diete urte luzetan Eubalaena glacialis motako balea kopuruak behera egitea. Baina usteak ustel bilakatu dira, Kanadako eta AEBetako biologo talde baten azterketak hori gezurtatu baitu.

Ozeano Atlantikoko iparraldean, baleen arrantzarako garrantzitsua izan zen Red Bay. Balea baten gorpuzkiak aurkitu zituzten han, eta humeroaren DNA aztertuta, honako ondorio hau atera dute: Kanadan arriskuan dagoen Sarda balearen gainbehera euskaldunak, XVI. mendean, baleen arrantzara joan aurrekoa dela.

Ezinezkoa da jakitea baleen arrantzaren aurretik Eubalaena glacialis espezieko zenbat balea zeuden, baina kalkulu batzuen arabera, 5.500 harrapatu zituzten. 1500. urtean, arrantzale euskaldunak Labradorren (Kanada) hasi ziren baleak arrantzatzen, baina amerikarrek XX. mendearen hasiera arte segitu zuten. 1935ean babestu zuten espeziea, eta orduan, 50 baino ez zeuden; gerora, ordea, 350era igo da kopurua.

Artikulu osoa: Berria, 2010-03-02

Erdi Aroko apaizak eta hizkuntzak

larrauri 02/03/2010 @ 11:41

Historia eta erlijio zaletasuna dira Beatriz Markotegi historialariaren (1980, Iruñea) lanaren bi ardatz. Baita bere doktore tesiarenak ere. XV. mendean Nafarroako Erresuman nola predikatzen zuten ikertu du, eta liburua kaleratu du orain: Instructio morum et fidei. La predicación en el Reino de Navarra en el siglo XV. (Predikatzea Nafarroako Erresuman, XV. mendean).

Elkarizketa osoa: Berria, 2010-02-19

Hiztegi Batuari buruzko jardunaldia

larrauri 02/03/2010 @ 10:23

Hiztegi Batuaz jardunaldia egingo du Euskaltzaindiak martxoaren 23an, akademiaren Bilboko egoitzan. Helburua Hiztegi Batuko erabakiak hartzeko, Euskaltzaindiak erabiltzen dituen irizpideak, laneko prozedurak eta tresnak erakustea da. Horrekin batera, egun horretan jendaurrean aurkeztuko dira aurrerantzean Euskaltzaindiaren webgunean kontsultagai egongo diren bi tresna lexikal berriak, hain zuzen ere, Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO) eta Lexikoaren Behatokia. Izena emateko (doan) epea martxoaren 18a arte, hemendik, ez bada lehenago betetzen, edukiera mugatua baita.

Informazio guztia: www.euskaltzaindia.net